Behera-penak

Idatzi dut noizbait blog honetan, iragarki eta kanpo komunikazioen euskaratzeari buruz. Hona helduta, esan beharrik ez dago gure Euskal Herri honetan erromantzean asmatzen direla iragarkien muinak. Hegoaldean, espainieraz, argi eta garbi.

Gasteizko triatloi txapelketa baten flyer-a euskaratu eta halako akats mardula egin ondoren (sarrera hura irakurtzeko, hemen), joan den larunbatean beste akats puxka zatar bat topatu nuen, non eta Gasteizko Boulevard merkatu gunean, H&M arropa dendan. Jakina da krisia dela eta ez dela, beherapenak arrunta den baino lehenago hasi direla. Mezuak euskaratzeari dagokion sentikortasuna, ordea, badirudi ez dela inoiz iristen:

*Autoreak ateratako argazkia

Behera penak! Euskera sektore pribatura ailegatu da eta! Bai, ailegatu aspaldi ailegatu zela, ez baitira gutxi euren komunikazioak euskeraz eskaintzen dituzten saltokiak, bai eta nazioarte mailan funtzionatzen badute ere. H&M, bere aldetik, Suedian du egoitza nagusia. Antzemangarria da nola nazioarteko kate handi hauek, euren komunikazioetarako ahalik eta hizkuntza gutxien erabiltzen dituztela, hizkuntzen funtzio instrumentalari helduz. Hala bada, estatu eleanitzetan, "guztiontzakoa" den hizkuntza besterik ez ohi da erabiltzen (Espainian, espainola beraz).

Azken urte hauetan, ordea, tendentzia hori aldatuz doa, baliteke target-ari hurbilketa proposatzearren, pertsuasioaren mesedean. Nazio edo estatu jakin batean hizkuntza urrituak erabiltzen dituzten komunitateak badaude, euren hizkuntza erabiltzea hauek errazago konbentzitzeko modua izan liteke, markarekin emozionalki hurbilago sentiaraziz ("nik ere zure hizkuntza ulertzen eta erabiltzen dut"). H&Mk, beste askoren artean, tendentzia honi segitu dio, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ia bere saltoki orotan topa dezakegu euskera, espainiolari lagunduta. Ezin zaio H&Mri errua bota, bai ordea diseinatzaile grafiko pattalari. Azkenean, dendak euskera erabiltzen duela erakutsi du, baina gaizki xamar: REBAJASetik, ABAJO LAS PENASera...

Hizkuntza gutxituei mesede egin nahi badiegu, egin diezaiegun ongi. Eta egingo ez badiegu, edo "kunplitzeagatik" besterik ez, ez dezagun astirik galdu. Hizlari gutxituoi gustatzen zaigu gure ama hizkuntza errespetuz tratatzea. Bestela, uler ditzakegun hizkuntza arrotzekin moldatuko gara hobe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario