Mostrando entradas con la etiqueta Euskara. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Euskara. Mostrar todas las entradas

Web edukien idazkera eta sorkuntza

Teoria-irakaslearen kontaktua (web honetaz gaindi) eta ikasgaiaren Irakaskuntza Gida estekotan daude. Derrigorrezkoa da irakurtzea.

  • Ikasgaia gainditzeko 2 modu besterik ez daude (jarraitua vs ez-jarraitua). 9. astearen aurretik igorri irakasleoi uko egitearen mezua.
  • Uko egiteko dokumentua hemen dago (deskargatu, eta beteta bidali aitor.castaneda@ehu.eus-i, kopian (cc) izaskun.rodriguez@ehu.eus jarriz.

Ezer egin aurretik, ikusi/ikasi 2 infografia hauek (euretan sakatu handiagotzeko):


Infografiotan agertzen dena betetzen ez duen ikaslea ez dator gurekin bat (e-postak zakarrontzira).

Aitor Castañeda Zumetaren tutoretzak (alda daitezke!)


Umore grafikoa interneten. Euskadiko ziberprentsaren marrazkilarienganako Hurbilketa deskriptiboa

Laburpena. Artikulu honek, hedapen eta difusio handiena duten euskal egunkari digitalek, umore grafikoari eskaintzen dioten garrantzi eta ikusgaitasunaren analisi deskriptiboa egiten du. Biltze-sistema zorrotz baten bitartez, tokiko marrazkilarien lana ziber-inguruan azaldu eta deskribatzen da. Ideologia euskaltzale eta abertzalea duten ziber-egunkariak dira marrazkilariei inportantzian gehien ematen dizkietenak, aurrekari historiko aipagarriak baitituzte umore grafikoari dagokionean.

Artikulua hemen irakurri

Zita:

Castañeda Zumeta, A. (2020) «Umore grafikoa interneten. Euskadiko ziberprentsaren marrazkilarienganako Hurbilketa deskriptiboa», Sancho el Sabio - Euskal kultura eta ikerketa aldizkaria, (43), or. 72-95. https://revista.sanchoelsabio.eus/index.php/revista/article/view/298

Read it en EnglishLeer en castellano

Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. Zientzia eta Teknologia Fakultatearen historia euskalduna

Gaur Amets Bikoitza liburua aurkeztu dugu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon. Jacinto Iturbek eta Jesus Mari Txurrukak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle ohiek, liburua idatzi eta nik editore-lanak egin ditut, gaur elkarrekin aurkeztu duguna EHUko Argitalpen Zerbitzuari esker. Liburuari buruzko datu guztiak Argitalpen Zerbitzuaren gunean daude.



Arratsalde on guztioi, eskerrik asko etortzeagatik.

Ni Aitor Castañeda naiz, EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea, liburu honen editore izateko pribilegioa izan duena.

Nik bakarrik 3 gauza esango ditut, dudan minutu bakoitzeko, bana. Lehena, liburu honek plazer handia eman didala, irakurleari opa diodana. Lehenengo, gure Unibertsitatearen historiaren zati inportanteenak birpasatzen dituelako: Bilbon jaio zenetik zenetik, Euskal Herri osoan hazi arte. Ez da makala esatea lan hau proposatu zidana, EHUko Santi de Pablo Historiako Katedraduna izan zela. Tribuna honetatik eskerrak ematen dizkiot. 

Memoria historikoa pittinka galtzen ari garen une honetan, urgentea da gurea dena birpasatzea, eta are gehiago bizi izan dutenen ahotik. Historiak gero eta garrantzi akademiko gehiago ematen dizkie testigantzei, eta Jacinto zein Jesus Mari euskara Zientzia Fakultatean nola sartu zen azaldu dezaketen lekuko interesgarrienak ez badira, interesgarrienetakoak bai.

Bigarren kontua, historiaren haritik: batez ere belaunaldi batetik aurrerakook, historia bakarrik jaio garen unetik aurrera ulertzen ei dugu. Gure atzetik zer zegoen? Gutxi axola zaigu: pasa da. Era berean, euskara etxean ez beste eskolan jaso genuenok, agian uste dezakegu hori jada eginda etorri zela, beste gauza asko bezala: Unibertsitatea... Osasun Publikoa... Autonomia... Franco hil, eta bapatean: Izan bedi demokrazia! Izan dadila euskara batua! Biz autogobernua! Eta dena egin zen. Unean-uneko kontuak bakarrik maite dituen gizarte batek, nekez estimatzen du atzetik dauden lanak. Adibide zientifiko bezain egungoa erabiliz: guztiok ikusten ditugu COVIDaren aurkako txertoak, eta guztiok iritzia ematen. Baina metodo zientifikoa, eta atzetik dauden saiakera eta errore guztiak, ez ditugu estimatzen. Zientzia asko maite duela dioen gizarte sekularizatuak, fede gutxi dauka zientziaren metodoan: proba, kale. Euskararen normalizazio zientifikoarekin, beste horrenbeste geratu dela, zalantzarik ez. Eta horrek hartutako nekeak, nik baino hobe kontatuko dizkizue liburuak.

Hirugarrena, azkena. Oso egun inportantea da gaurkoa: abenduaren hirua, Nafarroaren Eguna, eta lingua navarrorum delakoarena. Nik aldarrikatu nahiko nuke liburu honek azaltzen duela Euskal Herriak egin duen ahalegin kolektiboa euskaraz bizi, ikasi, eta ezagutzak transmititzeko. Darwin-enak izan omen ziren hitzetan, it’s not the strongest {...} that survives, nor the most intelligent, but rather the one most adaptable to change. Jacinto eta Jesus Marik, beste askoren artean, euskara testuinguru berrietara egokitu zuten, adaptable to change, eta hori da egungo euskal hiztunon betebeharra ere: hizkuntza, hain arin bueltaka dabilen mundu honetara bilakatu behar dugu, orain arte beste askok egin duten bezala. Ez ditzagun Galileorenak ahaztu: Eppur, si muove. Mugitu, mugitzen baita

Unibertsaltasuna bide duen instituzio batean euskara sartu izana, Amstrong-en esaldi famatura eraman gaitzake, ilargia lehen aldiz zapaldu ei zuen hura: One small step for a man, one giant leap for mankind. Gure kasuan, “pausu txikia hiztun batentzat, erraldoia hizkuntzarentzat”. Izan zirelako, gu izango bagara, segi dezagun aurrekoek ireki ziguten bidea.
Esker anitz


Kontsumoaren psikosoziologia eta marketina. Kontsumoaren barrunbetan zehar

Liburuxka hau jaio zenean, autoreak beharra ikusi zuen kontsumoaren psikosoziologia eta marketina uztartzen zituzten eduki bateratuak edukitzeko.

Ordura arte, liburu honek aipatzen dituen diziplinak bateratzen dituen ikasgaia ematen ari zen autorea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte- eta Komunikazio-Zientzien Fakultatean. Jardun horretarako bildu zuen material guztia liburu batean sartu, eta ikasleentzat bideratuta dagoen monografikoa jaio zen, batez ere unibertsitateko ikasleei zuzendua, baina, oro har, marketinean interesa duen edonori, psikologiaren eta soziologiaren alorretatik.

Estiloari dagokionez, irakurlea ez dago konplexutasun handiko monografia baten aurrean: esan den bezala, ikasleengan pentsatuta ekoitzi da, estilo zuzen eta formaltasun handirik gabekoa, une oro beharrezko teknikotasuna eta edozein testu zientifikori zor zaion formaltasuna mantenduz.

Euskaraz dago, eta, ondorioz, ez da ohikoa erreferentziak gure hizkuntzan topatzea; hortaz, termino tekniko gehienak ingelesetik ekarrita daude, zientzia arloan erabiltzen den hizkuntza nagusitik. Termino eta kontzeptu guztiak euskarara ekarri dira ahalik eta modu fidelenean, nahiz eta kasuan kasu euren jatorrizko izen anglosaxoia ere aipatzen den, irakurleak kontuan har dezan.

  • Gaia: Soziologia; Psikologia; Ekonomia
  • Orrialdeak: 96
  • Edizio-data: 2020
  • ISBN/ISSN: 978-84-1319-160-7
  • Hizkuntza: Euskara
  • Edizio mota: Digital (PDF)

Olariagaren trantsizioa. Egin egunkariaren eta Zakilixuten jaiotzak

Hogeita hamar urte pasatxo dira euskal prentsako pertsonaia umoristiko famatuena jaio zenetik: Antton Olariagaren Zakilixut delakoa. Trantsizio-garaitik hona dabil tokiko prentsa kitzikatzen, garai batetik non sexu-pasarteak –eta oro har, moral-kode meharren barruan zegoen oro– estu-estuan konta zitezkeen. Gosea baino argiagorik ez badago, Olariaga bai izan dela buruargi: egun, hain ikertua den Konstituzioaren gestazio-garaian hasi zen Olariaga Egin egunkarian marrazkilari. Egunkari bat, hori bai, polemikatik libratuko ez zena, bere orriak Legeak (edo) ebakiko zizkiola. Baina Zakilixuti ez zion inork ezer moztu, eta egun libertateen 40. urtemuga ospatzen bada, euskal irakurleok Zakilixutena zergatik ez? Trantsizioaren espiritua berreskuratzeko eskatzen badigute, zer bada ez orduko umorea ere bai? Irriak ez al du espiritua gaztetzen?

Berreskurapena da beraz liburu honen betebeharra: begirada historiko-analitiko batetik, gure historiaren atal inportanteenetako bat aztertzea, 1977a, Zakilixuten begirada kritikotik eta orduan oso irakurria (eta estimatua) izan zen berripaper batean. Ikuspegia, askeagoa: ahoan bilorik gabe, naturak ekarri gintuen moduan, eta beti etorkizunak zer dakarkigun buruan. Zakilixuten kezkak ez zaizkigu beraz arrotz, gureak ere izan direlako. Eta irakurle gazteak, agian, bizi izan ez duen garai bati buruzko datu gehiago ikas ditzan, Zakilixutek hala irakatsita.

  • Gaia: Kazetaritza; Komikia
  • Orrialdeak: 214
  • Edizio-data: 2019
  • ISBN/ISSN: 978-84-1319-081-5
  • Hizkuntza: Euskara
  • Edizio mota: Errustikoa

Liburu eta kapituluak euskaraz


ITURBE, Jacinto; TXURRUKA, Jesus Mari; CASTAÑEDA, Aitor (arg.) (2020). Amets bikoitza. Euskara zientifikotzea eta zientzia euskaratzea. Zientzia eta Teknologia Fakultatearen historia euskalduna. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzua 

CASTAÑEDA, Aitor (2020). Kontsumoaren psikosoziologia eta marketina. Kontsumoaren barrunbetan zehar. Edizio digitala. EHUko Argitalpen Zerbitzua

  • Liburuari buruz gehiago jakiteko, hemen

CASTAÑEDA, Aitor (2019). Olariagaren Trantsizioa. Mikel Laboa Katedra Bilduma. EHUko Argitalpen Zerbitzua
  • Liburuari buruz gehiago jakiteko, hemen 

Umore grafikoa Hego Euskal Herriko egunkarien on eta off line edizioetan (2019). Gerturatze deskriptiboa

Laburpena:
Tokiko prentsa-kolaboratzaile eta umorista grafikoa. Ikerketa labur honetan, Hego Euskal Herrian audientzia gehien duten informazio orokorreko egunkarietako umore grafikoa aztertzen da. Metodo sistematiko eta deskriptibo baten bidez, El Correo, El Diario Vasco, Deia, Diario de Navarra, Noticias de Navarra, Berria eta Gara berripaperen bertsio digital zein paperezkoan diharduten marrazkilarien lana aztertzen da. Emaitza bezala, euskal prentsaren umore grafikoa zertan den eta tokiko egunkariek nola kudeatzen duten ere ikusten da, eta ondorio modura umoreak gure prentsan duen osasun ona nabarmentzen.

Artikulua hemen irakurri

Zitatzeko:
CASTAÑEDA, Aitor (2020). Umore grafikoa Hego Euskal Herriko egunkarien on eta off line edizioetan (2019). Gerturatze deskriptiboa. Uztaro, 113, 67-90. https://doi.org/10.26876/uztaro.113.2020.4 
Read it in English 

Umeak, kalera

Hala Bediko gunean argitaratua (2020-IV-2)
Jatorrizkoa ikusi


Heike Freire pedagogoak kanpaina martxan jarri du, berrogeialdi honetan umeak sikiera zerbait kalera irten daitezen. Adituaren esanetan, badira zenbait osagarri, D bitamina kasu, batez ere etxetik kanpo jasotzen direnak, haurren garapen fisiko eta psikikorako behar beharrezkoak.

Izan ere, umeak “txit-ahaztuak” izan dira konfinamendu-legeetan txakurren atzetik –medikuen agindurik ez dutenei buruz ari naiz, jakina–. Aitzakia, haurrek birus demonioa kontagiatzen ei dutela. Tesi hori ez dago behar beste demostratua, eta ez dakit zein neurritan kaltegarria ote den ume bakoitza heldu batekin egunero 10-15 minutu irten dadin, etxebizitzatik 100 metrora gehien jota, txakur eta guzti.

Baliteke Euskal Herri honetan maskotek haurrek baino sinpatia gehiago sortzea –Gasteizen txakurrak umeak baino gehiago ziren 2019an–. Baina ezin dugu belaunaldi oso bat kaltetzeko atrebentzia hartu, une batean non osasun-aferek inoiz ez bezala kezkatzen gaituzten. Are gehiago birusak jota 70 urtetik gorako belaunaldia Araban franko kolpatuta geratu ostean.
...
Harremanduta:

¡Que los niños salgan!
No apartemos a los niños

Inutilaren semiotika

Noticias de Navarran argitaratuako testua (29-VIII-2019)
Jatorrizkoan irakurri
--

Semiotika, giza-komunitateen zeinu-kulturalen esangura ikertzen eta zehazten duen metodoa da. Berorren adar jakinek diotenez, Mendebaldeko kulturaren adierazpenak kategoria kontrajarrien arabera uler daitezke -ona/txarra, bidezkoa/injustua, Zerua/Infernua...-. Etxarri-Aranatzeko Inutilaren egune deritzonak adibidez begirada semiotikoa merezi du aski.

Herriko besten azken egunean, abuztu-hasieran, Etxarrik omenaldia egiten dio Inutilari;fatxaren alegoria poliedrikoa, irudikatutako pertsonaia kolektiboa: apezaren figura, guardia zibilarena edo erregearena harrikatuak izaten dira herriko plazan. Hirutasunak -Eliza, Segurtasun Indarrak eta Monarkia- Estatu-jainkoaren gorputz bakarra irudikatzen du, agnostikotasunez Inutilaei dena. Hortaz, eta kontrara, Utila legoke, hirutasun espainiar/espainolista sendatzeko metodoaren jabe: harrikada. Jehovak bere herriari ezartzen zion sistema, Legea desobeditzen zutenak zigortzeko.

Harrigarria da Etxarri-Aranatzen legezko herri zibilizatu batek bere ezinegonak aitzinean galtzen diren ekimenekin lasaitzea. Baina salaketa baino, eta Semiotikaz aparte lege etiko eta moralak maite ditugunok, beharrezkoa dugu zera gogoraraztea: ez dela bidezko norberak beretzako nahi ez duena besteei egitea. Aurreko kategoriei erreferenteak aldatuz jokoak berdin segitzen du, lehen bezain util, lehen bezain krudel. Ikusi adibidez Sevillako Coripe herria, Puigdemonten panpina Judasen Errekuntza egunean sutan. Edo gure Areso duela 14 urte, non bi guardia zibilek herriko olentzeroa bahitu eta birrindu egin zuten. Eta hori dena -eta eskerrak!-, gaurdaino ez delako inor atrebitu benetako Erregea harrikatzera, president delakoa erretzera edo euskal kulturaren idazlan guztiak txikitzera, adibidez.

Humanismo eta karitate kristau apur batek mugitua, zera esan nahi dut: Inutila ez dela existitzen. Gutaz desberdin pentsatzen duena existitzen da. Eta batzuetan, desberdin horrek iritziz alda dezake, edo guk geuk gurea ere bai. Mundu zibilizatuak harrikadak -edo sorginen errealdiak- baztertuz joan zen, elkarbizitzaren arteaz jabetu ahala edo. Eta jakinda, inor bere sinesmenengatik bakarrik juzgatzekotan, bere pertsona-izate osoa kontuan hartu barik, bazterketan jauzteko arriskua besterik ez dagoela. Hori da, beste askoren artean, harrikaden, Inkisizioaren, fosa komunen edo diktaduren sorburua. Behar ez duguna!
...
Harremanduta: Baliogabearen semiotika (Berria, 2019-VIII-15)
Relacionada: La semiótica de lo inútil (Diario de Navarra, 9-VIII-2019)

Baliogabearen semiotika

Argitaratua: Berria (2019-VIII-15)
--
Semiotika, gizarte/kultura jakin baten zeinuen esangura ikertzen eta zehazten duen metodoa da. Berorren adar jakinek diotenez, Mendebaldeko kulturaren zeinu eta sinboloak kategoria kontrajarrien arabera uler daitezke ona/txarra, bidezkoa/injustua, Zerua/Infernua.... Etxarri-Aranazko Inutilaren egune deritzona, adibidez, begirada semiotikoarekin ongi uler daiteke. Herriko bestetan, Etxarrik omenaldia egiten dio «Baliogabeari» fatxa deritzonaren alegoria poliedrikoaren arabera irudikatzen den pertsonaia kolektiboa; apaizaren figura (Eliza), guardia zibilarena (segurtasun indarrak) edo erregearena (monarkia) harrikatuak izaten dira orduan. Hirutasun horrek espainiar estatuaren gorputz bakarra irudikatzen du: baliogabearena. Hortaz, eta kontrara, «baliagarriak» geundeke, hirutasun espainiar/espainolista sendatzeko medizinaren jabe: harrikada. Jehovak herriari ezartzen zion sistema bera, Moisesen Legea desobeditzen zutenak zigortzeko.

Harrigarria da Etxarri-Aranatzen legezko herri zibilizatu batek bere ezinegonak aitzinean galtzen diren metodoekin lasaitzea. Baina,herria salatzea bainoago, eta semiotikaz aparte lege etiko eta moralak maite ditugunok, beharrezkoa dugu zera ozen esatea: ez dela bidezko norberak beretzat nahi ez duena besteei egitea. Aurreko kategoriei erreferentea aldatuz gero, jokoak berdin segitzen du: lehen bezain «baliagarri», lehen bezain krudel. Ikusi Sevillako Coripe herria, Puigdemonten panpina «Judasen Errekuntza» egunean sutan. Edo Areso, duela 14 urte, non bi guardia zibilek hango Olentzero bahitu eta suntsitu zuten. Hori dena eta eskerrak!, gaurdaino ez delako inor atrebitu erregea harrikatzera, president delakoa akabatzera edo euskal kulturaren idazlan guztiak erretzera.

Humanismo puntu batek mugitua, zera esan nahi dut: jende baliogabea ez dela existitzen, gutaz desberdin pentsatzen duena baizik. Mundu zibilizatuak harrikadak baztertuz joan zen konbentzimenduaren arteaz jabetu ahala. Eta jakinda inor bere sinesmenengatik bakarrik juzgatzekotan, bere pertsona-izate osoak duen balioa kontuan hartu gabe, norberaren ideiak ez dituzten guztiak mundutik at geratzen direla. Hori da, harrikaden, Inkisizioaren, fosa komunen edo diktaduren sorburu baliogabea.
...
Harremanduta: La semiótica de lo inútil

Baso gehiagoz, paso!

Publizitate-irakasle sartu nintzenetik, gutxienez bi gauza esan ditut argi. Bata, Euskal Herriko komunikazio publikoa gazteleraz pentsatzen dela (bestela ere frantsesez), eta gero euskaraz hala moduz gauzatzen dela. Bestea, mezu bat eraginkor izateko ez dela nahikoa hizkuntza zuzena erabiltzea (hots, ortografiarekin zintzoa), baizik eta egokia. Erretorika basikoa, zera.


Jarraitu hemen irakurtzen

Komunika jardunaldia (2019). After work

Nire lagun (eta bere egunean irakasle) Joseba Andoni Etxebarriak beti izan du bere ikasleekin jardunaldiak muntatzeko mania, jardun profesionalarekin kontakturik izan dezaten. Beste batzuk txarlak eta hitzalditxoak antolatzen ditugu tarteka, baina Etxebarriarena haratago doa: ikasleek ekitaldi oso bat antola dezatela bilatzen du, lan egitea kontaktuak izateko eta besterik gabe ikasteko. Soldata: kurrikuluma potoltzea, kontua gutxi balitz.

Aurten jabetu naiz ekitaldiak antolakunde baten pean egiten direla, Komunika, Etxebarriak berak ornitua. Marka horrekin batera jardun izan dute nire ikasle izandako zazpi, Publizitatea eta Harreman Publikoetan aurten graduatuko direnak, eta After Work moduko bat antolatu Komunikarekin. Jardunaldia, non eta La Salve garagardoen egoitza, Bilbon, non Etxebarria franko ibili den eurentzako ikerlanetan, zerbezaren industriak Euskadin sabela nondik atera jakin dezan. Emaitzak irakurri ez baditut ere, ederki irudituko zaizkit halako ikerketa interesgarri batetik ateratzen direnak, zalantza gabe.

Komunikara bueltatuz, zazpi ikasleek (emakumeak denak, esan dadila!) bikainki jorratu zuten espazioa eta eman ziren hitzaldiak, pertsona bikainak batuz: Joseba Etxebarria bera, Kataluniako Publizitarioen Kolegioko buru Antonio Traugott, Ekonomisten Kolegioko lehendakari Iñaki Ruiz, Bizkaiko Publizitate-Agentzien Elkarteko goiburu Jose Felix Ruiz, eta Innobasqueko proiektu-arduradun Olga Gomez. Bakoitzak berea, eta amaieran mahaingurua: beharrezkoa al da elkarteak sortea? Beharrezkoa da Euskadin publizitarioen kolegiorik sortzea? Egitura finkoek norberaren lana puztu edo makaltzen ote dute? Erantzun zehatzik ez, baina habiapuntura buelta: elkartzeak badu zentzurik baldin eta kasuan-kasu esperotako emaitzak lortzen badira. Bestela, ez. Halaber, elkarreragina eraginkorra da (barka erredundantzia) kolaboratzaileek enpatia eta asertibitate minimorik badute. Bestela, ez. Oso deigarria amaierako hori, Unibertsitatean ez baitugu halakorik irakasten. Galdera inportantea litzateke ikustea irakasleok gure sail eta kideekin enpatiko eta asertibo garen, baina hori beste jardunaldi baterako izango da.

Konklusio moduan, esatea bikain iruditzen zaizkidala halako ospakizunak, bere garaian nik ere Etxebarriarekin halakorik egin nuelako, eta egindako kontaktuek ez naute inoi utzi. Orain unibertsitate-irakasle naizela eskertzen segitzen dut. Bai eta amaieran egindako garagardo-kata, aftwer work bat ez baita hala lan amaieran alkohol pixka bat ez badago. Ikasleek, ondo merezia!

Iturria: Berria egunkaria, jardunaldiaren berri eman zuena
Irakurri hemen.

Aktibatu!

Euskal Herriko Unibertsitateko Aktibatu programaren barruan, euskara sustatzeko Korrika ekimen erraldoiari heldu zaio aurten Bizkaiko Campusean.

Korrikak Bizkaiko Campusa apirilaren 10ean zeharkatu zuen, eta i(ra)kasleen partehartzea bultzatzeko asmoz, hainbat ekimen antolatu ziren Bilboko Hezkuntza Fakultatean eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (nirea). Horietako bat Fakultateak egindako bideo zoragarri hau, ikasleak protagonista, gure korridore eta Campus ingurutik saltoka. Grazia egin dit, eta nostalgia apur bat eman, egun hartzan ezin bainintzen gerturatu izan.

Kontsolatu behar azken emaitza ikusten, eta Korrikako antolakuntzari esanez behar beste etor daitezela gure Campusera: nahiz eta urbe handitik apartatu xamar egon, euskaratik ez gaude urrun bat ere.

Hauteskunde mezuak: Mugimendua, posizioa eta bihotzak

ZuZeun argitaratutako analisia (2019ko maiatzak 18)

Ezinezkoa dut Hego Euskal Herrian dugun kanpaina politikoan aztertzaile segitzea (ikusle moduan batzuetan, komunikazio-irakasle bezala besteetan) Alderdi Sozialistaren mezuen inguruan ezer esan gabe.


Lehena, estatu mailako hauteskundeetan asko gustatu zitzaidala sortu zuten mezua: gertukoa, laburra eta esperantzaz betea, egizu posible. Eta niretzat bereziena: gutxietan funtzionatzen dute mezuok euskaraz gazteleraz baino hobe, publizitatean ere gazteleraz sortu eta euskarara hala moduz itzultzen delako, kasu honetan haz que pase delakotik, literalki pasa dadila (nor, edo zer pasa?). Euskaraz, sozialistek asmatu zuten antza. Gazteleraz, ez hainbeste.

Segi irakurtzen medio originalean.

Oinarrizko errenta, sozialdemokraziaren mugak eta meritokrazia, tertulian

Gaur Peio Ormazabalekin ibili naiz Hala Bedi Gasteizko irratian tertuliano, Araba Hizpide programan. Finlandian oinarrizko errentarekin egin duten esperimentu batetik abiatuta, errenta unibertsalaz hitz egin dugu. Pentsio-sistema, sozialdemokraziaren mugak, indibidualismoa, meritokrazia, kapitalismoa eta beste hainbat gai jorratu ditugu.


 Tertulia osoa, hemen.