Argitaratua: Berria (2019-VIII-15)
--
Semiotika, gizarte/kultura jakin baten zeinuen esangura ikertzen eta zehazten duen metodoa da. Berorren adar jakinek diotenez, Mendebaldeko kulturaren zeinu eta sinboloak kategoria kontrajarrien arabera uler daitezke ona/txarra, bidezkoa/injustua, Zerua/Infernua.... Etxarri-Aranazko Inutilaren egune deritzona, adibidez, begirada semiotikoarekin ongi uler daiteke. Herriko bestetan, Etxarrik omenaldia egiten dio «Baliogabeari» fatxa deritzonaren alegoria poliedrikoaren arabera irudikatzen den pertsonaia kolektiboa; apaizaren figura (Eliza), guardia zibilarena (segurtasun indarrak) edo erregearena (monarkia) harrikatuak izaten dira orduan. Hirutasun horrek espainiar estatuaren gorputz bakarra irudikatzen du: baliogabearena. Hortaz, eta kontrara, «baliagarriak» geundeke, hirutasun espainiar/espainolista sendatzeko medizinaren jabe: harrikada. Jehovak herriari ezartzen zion sistema bera, Moisesen Legea desobeditzen zutenak zigortzeko.
Harrigarria da Etxarri-Aranatzen legezko herri zibilizatu batek bere ezinegonak aitzinean galtzen diren metodoekin lasaitzea. Baina,herria salatzea bainoago, eta semiotikaz aparte lege etiko eta moralak maite ditugunok, beharrezkoa dugu zera ozen esatea: ez dela bidezko norberak beretzat nahi ez duena besteei egitea. Aurreko kategoriei erreferentea aldatuz gero, jokoak berdin segitzen du: lehen bezain «baliagarri», lehen bezain krudel. Ikusi Sevillako Coripe herria, Puigdemonten panpina «Judasen Errekuntza» egunean sutan. Edo Areso, duela 14 urte, non bi guardia zibilek hango Olentzero bahitu eta suntsitu zuten. Hori dena eta eskerrak!, gaurdaino ez delako inor atrebitu erregea harrikatzera, president delakoa akabatzera edo euskal kulturaren idazlan guztiak erretzera.
Humanismo puntu batek mugitua, zera esan nahi dut: jende baliogabea ez dela existitzen, gutaz desberdin pentsatzen duena baizik. Mundu zibilizatuak harrikadak baztertuz joan zen konbentzimenduaren arteaz jabetu ahala. Eta jakinda inor bere sinesmenengatik bakarrik juzgatzekotan, bere pertsona-izate osoak duen balioa kontuan hartu gabe, norberaren ideiak ez dituzten guztiak mundutik at geratzen direla. Hori da, harrikaden, Inkisizioaren, fosa komunen edo diktaduren sorburu baliogabea.
...
Harremanduta: La semiótica de lo inútil
No hay comentarios:
Publicar un comentario