Gaur Amets Bikoitza liburua aurkeztu dugu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon. Jacinto Iturbek eta Jesus Mari Txurrukak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle ohiek, liburua idatzi eta nik editore-lanak egin ditut, gaur elkarrekin aurkeztu duguna EHUko Argitalpen Zerbitzuari esker. Liburuari buruzko datu guztiak Argitalpen Zerbitzuaren gunean daude.
Arratsalde on guztioi, eskerrik asko etortzeagatik.Ni Aitor Castañeda naiz, EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea, liburu honen editore izateko pribilegioa izan duena.Nik bakarrik 3 gauza esango ditut, dudan minutu bakoitzeko, bana. Lehena, liburu honek plazer handia eman didala, irakurleari opa diodana. Lehenengo, gure Unibertsitatearen historiaren zati inportanteenak birpasatzen dituelako: Bilbon jaio zenetik zenetik, Euskal Herri osoan hazi arte. Ez da makala esatea lan hau proposatu zidana, EHUko Santi de Pablo Historiako Katedraduna izan zela. Tribuna honetatik eskerrak ematen dizkiot.Memoria historikoa pittinka galtzen ari garen une honetan, urgentea da gurea dena birpasatzea, eta are gehiago bizi izan dutenen ahotik. Historiak gero eta garrantzi akademiko gehiago ematen dizkie testigantzei, eta Jacinto zein Jesus Mari euskara Zientzia Fakultatean nola sartu zen azaldu dezaketen lekuko interesgarrienak ez badira, interesgarrienetakoak bai.Bigarren kontua, historiaren haritik: batez ere belaunaldi batetik aurrerakook, historia bakarrik jaio garen unetik aurrera ulertzen ei dugu. Gure atzetik zer zegoen? Gutxi axola zaigu: pasa da. Era berean, euskara etxean ez beste eskolan jaso genuenok, agian uste dezakegu hori jada eginda etorri zela, beste gauza asko bezala: Unibertsitatea... Osasun Publikoa... Autonomia... Franco hil, eta bapatean: Izan bedi demokrazia! Izan dadila euskara batua! Biz autogobernua! Eta dena egin zen. Unean-uneko kontuak bakarrik maite dituen gizarte batek, nekez estimatzen du atzetik dauden lanak. Adibide zientifiko bezain egungoa erabiliz: guztiok ikusten ditugu COVIDaren aurkako txertoak, eta guztiok iritzia ematen. Baina metodo zientifikoa, eta atzetik dauden saiakera eta errore guztiak, ez ditugu estimatzen. Zientzia asko maite duela dioen gizarte sekularizatuak, fede gutxi dauka zientziaren metodoan: proba, kale. Euskararen normalizazio zientifikoarekin, beste horrenbeste geratu dela, zalantzarik ez. Eta horrek hartutako nekeak, nik baino hobe kontatuko dizkizue liburuak.Hirugarrena, azkena. Oso egun inportantea da gaurkoa: abenduaren hirua, Nafarroaren Eguna, eta lingua navarrorum delakoarena. Nik aldarrikatu nahiko nuke liburu honek azaltzen duela Euskal Herriak egin duen ahalegin kolektiboa euskaraz bizi, ikasi, eta ezagutzak transmititzeko. Darwin-enak izan omen ziren hitzetan, it’s not the strongest {...} that survives, nor the most intelligent, but rather the one most adaptable to change. Jacinto eta Jesus Marik, beste askoren artean, euskara testuinguru berrietara egokitu zuten, adaptable to change, eta hori da egungo euskal hiztunon betebeharra ere: hizkuntza, hain arin bueltaka dabilen mundu honetara bilakatu behar dugu, orain arte beste askok egin duten bezala. Ez ditzagun Galileorenak ahaztu: Eppur, si muove. Mugitu, mugitzen baitaUnibertsaltasuna bide duen instituzio batean euskara sartu izana, Amstrong-en esaldi famatura eraman gaitzake, ilargia lehen aldiz zapaldu ei zuen hura: One small step for a man, one giant leap for mankind. Gure kasuan, “pausu txikia hiztun batentzat, erraldoia hizkuntzarentzat”. Izan zirelako, gu izango bagara, segi dezagun aurrekoek ireki ziguten bidea.
Esker anitz
No hay comentarios:
Publicar un comentario